XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ETNOLOGIA. Lanak aurkezteko epea datorren martxoaren 30ean amaituko da

Jose Miguel Barandiaran ikerketa bekarako deialdia

Bekadunak 2,4 milioi pezetako laguntza jasoko du

P.P. Iruñea

Barandiaran Fundazioak José Miguel de Barandiaran ikerketa bekarako deialdia zabaldu berri du.

Aurtengo beka ikerketa etnologikoari zuzenduta izanen da eta lanak aurkezteko epea heldu den martxoaren 30ean akituko da.

Barandiaran Fundazioak gogoratu duenez, Jose Miguel de Barandiaran jaunari 1979an Oñatin eskaini zitzaion omenaldia zela eta, ekitaldi hau ikerlanaren jarraipen batean gauzatu zedin, urteroko ikerketa-beka bat sortzea erabaki zuen Eusko Ikaskuntzak.

1988an elkarte honek Jose Miguel de Barandiaran Fundazioari eman zion beka, eta harrez geroztik erakunde honek antolatzen du ekimena.

Beka honetarako ikergaiak Euskal Herriko arkeologia eta etnologia dira, hauexek izan zirelakoz Ataungo jakintsuak gehien jorratu zituen arloak.

Bata edo bestea hautatzeko txandakako erizpidea erabiltzen da.

Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek babesten dute beka hau, beren laguntzaren bidez ekarpena egin nahi baitiote Euskal Herrian ikerketa garatzeari.

Bakarka eta taldeka

Arestian aipatu den bezala, 1995 deialdirako bekaren gaia etnologia ikerketa izanen da.

Bakarkako lagunak nahiz lantaldeak izan daitezke hautagai.

Bigarren kasu honetan, proiektuaren zuzendari-arduraduna izendatu beharko du lan taldeak ordezkari izan dadin.

Barandiaran Fundazioak zehaztu duenez, beka hau ematerakoan lehentasuna izanen dute beren lanak euskal kulturaren arloez egiten dituzten euskal herritarrek edo bizilekua Euskalerrian dutela egiazta dezaketenek.

Bekadunak bi urteko epea izanen du proposaturiko ikerketa lana burutzeko.

Bekaren diru hornidura 2,4 milioikoa izanen da.

Ordaintzeko tenorean, kantitate hori 480.000 pezetako bost zatitan banatuko da.

Lehenengo zatian lanari ekitean ordainduko da, eta gainerakoak seihilabeteko ordainalditan, azkena lana bukatuta emanen delarik.

Interesaturik daudenek Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa, 269 Posta-kutxatilara (20080 Donostia) bidali ditzakete egitasmoak.

Hautagaiek aurkeztu behar duten lanari buruzko memorian, ondoko hau adieraziko da: Lanaren xedea, zabaltasuna, ikerketaren etapak, erabiliko den metodologia, lan-zentruak eta bitartekoak.

Epaimahaia

Barandiaran Fundazioak epaimahaikideak aukeratuko ditu beka honek hartzen duen esparruko adituen artean.

Beka jasoko duenaren izena, dokumentazioa aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteren barruan jakitera emanen da.